De otrxs

Kapitalismoari kritika erradikala: Merkatutik atera

Merkatu jendarteak hondamendira garamatzala nabarmena da. Merkatu logikak deshumanizatzen du, harreman sozial gizatiarrak desegiten ditu. Potentzia berdintzaile honek munduaren, haren populuen, haien hizkuntzen eta kulturen aniztasuna murrizten du, eta gutariko bakoitzaren baitan ekiten du ere, gure gogoeta eta nahimen guzien atzetik dabil, hauek bere inperioari lotzeko. Gure izaera moldatzen du, eritasun psikikoak eta fisikoak eragiten ditu, baita kutsadura ere. Krisi sozial eta ekologiko honek ezin dezake bere aterabidea merkatuaren baitan aurkitu, honek etengabe hazi behar baitu. Merkantziaren gibelean, egiazko heriotzarako pultsioa gordetzen da, mundua suntsitzeko joera azkarra.

Merkatua ezin da jendarte gizatiarrago baterantz bilakatu. Ondorioz, basakerian ez erortzeko, merkatutik eta bere oinarrietatik atera behar gara, hau da soldatapeko lanetik, truke baliotik, merkantziatik, dirutik, merkatu lehiatik…
Lana, merkatuaren logikan, trukerako balioa duen merkantzia ekoizten duen jarduera da. Merkantzia bakoitzaren trukerako balioa, merkantzia hori ekoizteko beharrezkoa den bataz besteko lan denbora da. Trukerako balioa diruak adierazten du.
Lan hori, merkatu jendartearen oinarria da, bere bizi sozialaren muina da. Merkatuan harreman sozialak nagusiki merkantzien trukaketarako bitartekoak dira. Merkatu jendartean, ekonomiak biziaren dimentsio gehienak menpean ditu.
Gizartea ez da betidanik merkatuan oinarritzen. Luzaz, ekoizpenaren helburua ez da trukerako balioa sortzea izan eta harreman sozialak ez dira merkantzia ekoiztearen inguruan eratu.

Gure behar materialak asetzeko ekoiztu behar dugu, baina ez dugu merkantziarik sortu nahi eta ez dugu ekoizpen honetaz bizi sozialaren oinarria egin nahi. Ekoizpen hau, gure eta ber ildotik doazenen behar materialak zuzenki, hau da diruaren bitartekotzarik gabe, asetzeko gauzatu nahi dugu eta bizi sozialaren beste hainbat jarduerekin batera gauzatu nahi dugu, beren ondoan eta ez beren gainean. Horrela, adibidez, landatzea ez da soilik elikagaien ekoiztea, kanpoan egotearen plazera da ere, eguzkitan egotearena, jarduera kolektiboa egitearena, landareak eta abereak behatzearena, jakitateak eskuratzea eta transmititzearena, oturuntza baten iragarpena izan daiteke, kantu eta dantza kolektibo gaubeila batena, maitasun topaketa baten posibilitatea…

Jendarte askatua, edo gutxienez dagoena baino hobea, oraindik posible da. Guk, merkatu gizartetik ateratzeko nahimena dugu. Horretarako, gure harreman sozialak eraldatzen ditugu. Merkatutik ateratzea, merkatuan oinarritzen diren harreman sozialak merkatuan oinarritzen ez diren harreman sozialetan eraldatzeko mugimendua da. Gure sozializazioaren auto-eraldaketa kolektiboaz ari gara hemen beraz. Merkatu jendartea, elkarrekiko indiferenteak diren ekoizlez osatua da nagusiki; guk, elkarrekiko zaintzaz eta afektibitatez askatasunean bizi diren jendeez osatutako herriak eraikitzen ditugu.

Herri hauen baitan eta herri hauen artean, objektuen eta jardueren trukea gaindituz, ematearen etika garatzen ari gara. Trukean, nire objektu batek zure objektu batekin alderatzen du bere balioa, eta bien arteko trukea egiten da. Trukean, nagusiki ni naiz nire helburu eta zu zure helburu. Indibidualismoaren praktika sozial eredua da trukea. Ematean aldiz, ez dugu beste aldean dagoen objektua begiratzen, baizik eta hor aurrean dagoen pertsona. Ematea, pertsonen arteko harremana da, ez objektuen artekoa. Emateak, behar materialak asetzea bezain bat harreman sozialak ditu helburu.
Auto-ekoizpenaren bitartez kolektibo batek asetzen ez dituen beharrak asetzeko, ber ildotik doan kolektibo batek egiten dizkion emaitzei esker asetzen ahal ditu. Ez da eskualdatzen (transferitzen) diren ondasun horien baliokidetasuna bilatzen. Ematearen bidez esku zabaltasuna adierazten da, eta horrek eskuzabaltasuna eragin nahi du. Ematearen bidez bestearekiko kezka adierazi nahi da.

Indibidualismoak, hau da soilik nor beretzat bizitzeko joerak, merkatu jendartearen bizimodua ezaugarritzen du. Gu, bizimodu kolektiboa eraikitzen ari gara: ondasunen jabegoa (bereziki ekoizpen bitartekoena) kolektibizatuz kolektibismoa bizitzen ari gara; « Bakoitzarengandik bere ahalen arabera , bakoitzarentzat bere beharren arabera » lemari jarraikiz, kolektiboki ekoiztutako ondasunak (adibidez janaria) kolektiboko kideen artean partekatzen ditugu eta erabakiak biltzar autonomoetan hartzen ditugu.

Autonomiaren bidez, gure nahimenak eztabaidatzen eta zehazten ditugu. Autokudeaketaren bidez, zehaztutako nahimenak gauzatzen ditugu: besteak beste, gure eguneroko oinarrizko beharrak gu aurek asetzea (adibidez elikagaiak, ekoizpenerako tresna sinpleak eta energia guk ekoiztuz; eraikinak eraikiz, fabrikaziorako edo konponketarako tokiak…) ahalbidetzen duten jakitateak eta bitarteko materialak (adibidez lurra) indibidualki eta kolektiboki gureganatuz, ekonomikoki autosufizientea den bizimodu baterantz aitzinatzen gara.

http://apirilekojardunaldiak.blogspot.com.es/2015/05/kapitalismoari-kiritka-erradikala.html

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s